Albisteak

Ikastetxeetako Euskara Batzordeen Topaketa egin da

Gaur, abenduak 16, Donostiako 14-16 urte bitarteko DBHko bederatzi ikastetxetako 90 ikasle bildu dira Tabakaleran. Institutu eta ikastoletako euskara batzordeetako kideak dira. Elkar ezagutzea eta euskara sustatzeko ekimen bateratua prestatzea izan da topaketaren helburua.

14-16 urte bitarteko gazteak dira eta ikaskideen artean euskara sustatzeko borondatea eta gogoa dute. Bilkuraren lehen zatian haien intereseko gaien inguruan jardun dute. Bigarrenean, urtarriletik apirilera bitartean batzorde bakoitzak bere institutuan euskara sustatzeko aurrera eramango duten ekintza zehazteko lanean aritu dira. Ikaskide guztientzat erakargarria eta aproposa izango den egitasmoa abian jartzea da asmoa. Gauzak horrela, ekintza zein izango den erabakita, haren ezaugarriak adostu eta urratsak zein prozedura finkatu dituzte.

Bilkura dinamizatzen 2022ko Euskarabentura espedizioan ibilitako gazteak aritu dira. Uztailean Euskal Herri osoa zeharkatzen duen espedizioko zenbait kide dinamizazio eta aholkularitza lanetan aritu dira. Horrez gain, espedizioaren berri ere eman dute.

Donostiako Institutuetako Euskara Batzordeen Laugarren Topaketa izan da gaurkoa. Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ostean, gazteak berrantolatu egin dira eta euskararen erabilera institutuan areagotzeko gogoz daude berriro. Lan horretan Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta hiriko ikastetxeetako zuzendaritzen laguntza izan dute.

Itzuli