Koronabirusak eragindako konfinamenduak behartuta, etxekoen arteko harremanak biderkatu egin zaizkigu egun hauetan ezinbestean, bai aurrez aurre, bai telefonoz; eta, zalantzarik gabe, egoera bitxi eta berri honen aurrean, aukera berriak zabaldu zaizkigu. Guk horietako bat proposatu nahi dizuegu.
Koronabirus familiako Covid19 birusak gure bizimodua aldatu du eta etxean euskaraz ere disfrutatzeko aukera zabala eskainiko dizuegu. Hasierako loturak Euskara Zerbitzuak online eskaintzen dituen hainbat zerbitzutakoak dira eta, gainerakoak, umeek zein helduek egonaldia arintzeko moduko beste aukera batzuk bildu ditugu. Animo eta denon artean lortuko dugu!!
Donostiako Udalak eta hiriko euskaltegiek eta zentro homologatuek euskara ikasteko deia egin diete donostiarrei. 2019-2020 ikasturtean euskara ikasi nahi dutenek izena emateko aukera dute irailean hiriko euskaltegietan eta zentro homologatuetan. Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara ikasteko diru-laguntzak emango ditu.
Udaleko Euskara Zerbitzuak auzoetako euskara batzordeen egitasmoak finantzatzeko 47.000 €ko diru laguntza eman du. Diru kopuru hori 11 auzotan (Aiete,Altza, Amara Berri, Añorga, Bidebieta,Egia, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans eta Parte Zaharra) banatuko da, horietan osatuta baitituzte euskara sustatzeko batzordeak.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskaragida.eus izeneko euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida argitaratu du. Bakarka, lagun artean nahiz familian aisialdia euskaraz gozatzeko era guztietako eta adin guztiei zuzendutako produktuak jasotzen dira bertan: aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak eta abar.
Donostiak euskara eta euskal kultura bultzatzearen aldeko apustua egiten du. Hiriek gero eta elkarren antza handiagoa dute, baina bisitariek benetakotasuna eta leku bakoitza ezberdin eta berezi egiten duena bilatzen dituzte. Hori guztia gure hizkuntza eta kultura nazioartean hedatzeko eta balioa emateko aukera bikaina da.
300 gaztetik gora elkartuko dira gaurtik aurrera Tabakaleran euskara eta hizkuntzei buruz hitz egin eta gogoeta egiteko. Abenduaren 13an, 14an eta 18an, Donostiako hamahiru ikastetxetako 14 eta 20 urte bitarteko gazteak bilduko ditu UdalekoEuskara Zerbitzuak.
Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2019ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza izeneko programak baditu dagoeneko lehen eta bigarren sariak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio Intujai teatro taldearen Ama-Alu-lur (Sorgin baten ametsak...) antzezlanari. Bigarren sariak, berriz, Txinparta taldearen Zurrunbiloan lanari egokitu zaio.
29. Donostiako Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren sari-emate ekitaldia larunbatean izan zen Udaletxeko Udalbatza Aretoan. Bertan irabazleei eta haien lanei protagonismo berezia eman zitzaien musika, bertso eta sorpresez beteriko ekitaldian.
Oihenart aforismoen lehiaketa EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultateak antolatzen du, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin. Edonork parte har dezake bertan eta aurtengo sari banaketa abenduaren 15ean 12etan EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien fakultatean izango da. Irabazleak izan dira: Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena eta Juan Ramon Alberdi Ibarmia.