IX. HAUSNARTU – EUSKAL SOZIOLINGUISTIKA LEHIAKETAREN SARI-BANAKETA ekitaldia, otsailaren 3an izango da, 10.00etan, Donostiako San Telmo Museoan. Sari-banaketa ekitaldian saria jasoko duten ikertzaileek euren lanak aurkeztuko dituzte. Ekitaldiaren lehen partean TRIBUAREN BERBAK – SEKUENTZIA DIDAKTIKOEN aurkezpena egingo da. Izena eman otsailaren 1a baino lehen.
Martxan da 9. Elkar Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketa, haur eta gazteen artean irakurzaletasuna bultzatzeko helburuz sortutakoa. Horretarako hiru modalitate antolatu dira, haur eta gazteen adinaren arabera: Ipuina ilustratu, Ilustrazioa ipuin bilakatu, Komiki edo bineta sortu. Lan guztiak apirilaren 8a baino lehen aurkeztu beharko dira.
Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea zabalik da urtarrilaren 27 arte. Euskara praktikatu nahi dutenek eta praktika horretan lagundu nahi duten euskaldunek izena emateko aukera dute.
Izena emateko bide nagusia Bagera elkartearen www.bagera.eus webgunea izango da. Horrez gain, elkartearen egoitzan (Hernani kaleko 15. zenbakian) edo 943005074 telefono zenbakian ere egin daiteke.
Donostiako Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketaren 28. edizioaren oinarriak argitaratu dira eta parte hartzeko epea irekita dago. Donostiako ikastetxe guztietan banatu dira oinarriak eta kultur etxe, gazteleku, haurtxoko, liburutegi eta hainbat leku publikotan eta www.donostiaeuskaraz.eus webgunean eskura izango dira. Gogoratu behar da lanak entregatzeko azken eguna 2017ko otsailaren 15a izango dela.
Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea da 101 L (101 ele) proiektuaren helburua. Hemengo aniztasuna jaso eta ezagutaraztea. Donostian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen hasi ziren, 2015eko maiatzean. Orduz geroztik 160 elkarrizketa baino gehiago egin dituzte, han eta hemen, mundu osoko jendearen lekukotasuna jasoz.
Urte osoko lanaren ondoren Donostiapedia liburua aurkeztuko da abenduaren 15ean Donostia 2016ren egoitzan 18:00etan. Parte hartu duten herritar guztiei euren lana eskertzeko antolatutako ekitaldia izango da.
Donostia 2016k sustatutako proiektua da, beste hainbat eragilerekin elkarlanean, Wikipediako ezagutza eta herritar eta bisitarien esperientzia uztartzeko.
UNESCO Etxea- Euskal Herriko UNESCO Zentroak eta Donostia 2016k antolatu dute Europako Hizkuntza Aniztasunaren Foroa. Izena emateko epea zabalik da eta www.donostiaforum.eu webgunean egin daiteke. UNESCOk foro hau aukeratu du Munduko Hizkuntzen Atlas berria aurkezteko.
Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, 170 bat ekitaldi antolatuko dira datozen egunetan Donostian, Euskararen Hirian. Hiriko hamabost auzoetan ospakizunak aurreratu egin dituzte eta azaroaren 23tik aurrera ekimen ugari antolatuko dira. Hala ere, ekintza gehienak abenduaren 2an eta 3an egingo dira.
Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak euskaragida.eus izeneko euskarazko kultur eta aisialdiko produktuen gida argitaratu du. Bakarka, lagun artean nahiz familian aisialdia euskaraz gozatzeko era guztietako eta adin guztiei zuzendutako produktuak jasotzen dira bertan: aldizkariak, komikiak, DVDak, joko eta jolasak, musika, liburuak, hiztegiak, gurasoentzako nahiz euskara ikasteko material berezitua, web orri interesgarriak eta abar. Produktuak jasotzaileen adinaren arabera datoz sailkatuta eta bakoitzaren ezaugarri nagusienak zehazten dira (izena, egilea, argitaletxea eta gutxi gorabeherako prezioa).
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak BADUZU sortu du, euskal kontsumitzaile eta zerbitzu-emaileen komunitatea sortzea helburu duen proiektua. Proiektu berri honen aurkezpena azaroaren 14an egingo du Donostian, Bagera Euskara Elkartearen egoitzan (Hernani kalea, 15), arratsaldeko 19:00etan.