Turistentzako Euskarazko Hiztegi Txikia argitara eman du UdalekoEuskara Zerbitzuak Jon Insausti Kulturako eta Euskarako zinegotziaren esanetan, patrikako hiztegian euskarazko oinarrizko hainbat hitz eta esaldi bildu dira Donostiara etortzen den bisitariak ezagutu eta erabili ditzan (agurrak, lekuen izenak, egunak, hilabeteak, zenbakiak…). Hitz horiek guztiakbederatzi hizkuntzatan kaleratu dira: euskara, gaztelania, galegoa, katalana, frantsesa, ingelesa, italiera, alemana eta, berritasun gisa, japoniera.
Donostiak bisitari ugari dituetahizkuntzak funtsezko tresnak dira harremanetarako. Izan ere, bisitarien % 56,79 estatutik kanpo datoz eta horietatik, frantziarrak (% 20,82) eta estatubatuarrak (% 14,86) dira gehien bisitatzen gaituztenak. Dena den, badago oso datu deigarria, japoniarrek oso hazkunde handia izan baitute (2018an 25.197 gaualdi eta 2019an 41.891) eta atzerritik gehien bisitatzen gaituztenen artean sartu dira azken urtean, bosgarren postuan, hain zuzen ere. Gainera, bisitari askok gure hizkuntzarekiko interesa agertzen dute, gure kulturaren adierazpen nagusia baita. Japoniarrek, besteak beste, interes handia dute turismo bulegora joaten direnean. Hori guztia dela eta, duela urte batzuk kaleratu zen hiztegia berritzea erabaki denean, hainbat eduki berri gehitzeaz gain, japoniera ere gehitu da.
Hiztegia zazpi zatitan banatu da: lehenengoan agurrak azaltzen dira (gabon, kaixo, ongi etorri, eta abar); bigarrenean, leku izenak eta hauetara joateko oharrak (ezkerrera, behean, urruti, turismo bulegoa, botika…); hirugarrenean, garraio motak (autoa, trena...); laugarrenean, ostalaritzarekin zerikusia duten hitzak (gela bikoitza, jatetxea, ogitartekoa, eguneko menua…); bosgarrenean, janariarekin eta edariarekin lotura dutenak (kafea, ogia...); seigarrenean, egunak eta hilabeteak (astelehena, urtarrila…) eta, azkenik, zenbakiak (bat, bi...).
Bestalde, euskararen historia eta egoera soziolinguistikoari buruzko zenbait azalpen eta datu ageri dira. Esaterako Donostiako edota Gipuzkoako hiztunei buruzko datuak ematen dira.
30.000 ale argitaratu dira oraingoz
Euskarazko hiztegiaren 30.000 ale argitaratu dira hasteko eta turista gehien biltzen diren lekuetan banatuko dira: Euskara Zerbitzuan, Donostia Turismoren informazio bulegoetan, hoteletan, museoetan eta abar. Horrez gain, hiztegia eskatzen duten taberna eta merkatarien artean ere banatuko da doan. Era berean, gida turistiko askok eskaintzen dizkiete turistei.
Bestalde, bisitari asko hartzen dituzten Kongresu eta kultur jaialdietako ( Zinemaldia, Musika Hamabostaldia eta abar) partaideen artean eta hiriko hoteletan ere banatzen da hiztegia.
Hiztegia ikusgai dago www.donostiaeuskaraz.eus webean.
Hiztegiak jaso nahi dituzten establezimenduek edota turistekin lan egiten duten eragileek Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuan egin behar dute eskaera:
• Konstituzio plaza 2, behea
• Tel: 943 483750