Haurrentzako ipuin kontaketa, Iraitz Lizarragak eskainia. Izar magikoa entzun eta ikusi ahal izango da gure Youtubeko kanaleko zerrenda honetan. Bideoa uztailaren 14ean 10:00etatik aurrera ikusgai egongo da. Familia osoari zuzendutako ipuinez gain, jolasak, pistak eta sariak izango dira. Zuen erantzunak donostiakoipuinarenordua@gmail.com posta elektronikora bidali. Animatu eta parte hartu!
Uztailaren 1etik abuztuaren 30era izango da Ipuinaren Ordua, astelehenetik ostiralera, eta hiriko 44 toki esanguratsutatik ariko dira. Bideo guztiak irailaren 10era arte ikusgai egongo dira.
Ipuinaren Orduaren saio birtualak euskaraz izango dira, eta ostiraletan, gainera, zeinu hizkuntzan. Narratzaileen taldea Lur Kortak koordinatu du, eta hauek dira kontalariak: Saioa Aizpurua, Amaia Puin, Lur Korta, Iraitz Lizarraga, Izaskun Mujika eta Lur Usabiaga. Ostiraleko zeinu hizkuntzako kontaketak Eskuaire bitartekaritza zerbitzuko Bego Gonzalezen eskutik iritsiko zaizkigu.
Gaurkoan, Gipuzkoa Plaza izango da eskenatoki. Bertako lorategia Pierre Ducasse frantziar lorezain ospetsuak diseinatu zuen. Mota askotako zuhaitz, lore eta landare ditu, eta, erdian, aintzira txiki batean, ahate eta zisneak igerian ibiltzen dira. Plazan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregia dago.