Atzokoak gaur programaren gai nagusia aurten saskigintza izango da. San Telmok urtero, Aste Santuan, ofizio tradizional baten inguruko jarduera sorta antolatzen du galtze bidean dauden lanbideak ezagutzera emateko asmoz. Aurten apirilaren 7tik 19ra erakusketa, zuzeneko erakustaldiak eta haur eta familientzako jarduerak egongo dira saski motak eta horiek sortzeko moduak ezagutzeko.
Egitarauaren inguruko xehetasun gehiago, laster.
Haurrentzako ipuin kontaketa, Lur Kortak eskainia. Ipuina online entzun eta ikusi ahal izango da gure Youtubeko kanaleko zerrenda honetan.
Bideoa apirilaren 10ean 16:00etatik aurrera ikusgai egongo da.
Martxoaren 30ean hasiko dira Ipuinaren Orduaren saio birtualak, Lur Korta eta bere taldearen eskutik. Saioa egunero izango da, 16:00etan, familia osoari zuzendutako ipuin batekin. Saio hauek euskaraz izango dira, igandeetan izan ezik (horiek gaztelaniaz izango baitira) eta larunbateko saioa zeinu hizkuntzan eta euskaraz izango da. Honako narratzaile hauen saioez gozatzeko aukera izango da: Lur Usabiaga, Izaskun Mujika, Saioa Aizpurua, Kattalin Ansorena, Amaia Ipuin, Iraitz Lizarraga eta Lur Korta.
Itxaro Bordaren testu hau, pandemian kontestuan, bidaia geldorako gonbita da, munduaren zabalera murrizten ari zaigun heinean: eseri eta irakurri!
Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da astelehenetik ostiralera, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Zenbait idazle ezagunek, hala nola Juan Kruz Igerabide, Luisa Etxenike, Mila Beldarrain, Julia Otxoa, Xabier Etxaniz, Aritz Gorrotxategi, Oier Guillan eta Ana Malagonek, agindu digute DKEtxean Kuadernoa programaren lehen egunotan parte hartuko dutela.
ETXEAN ETXEKO
Entzun du, frankotan, "etxeak ez zaitu asko ikusten, ezta?" eta irri handi batekin ihardetsi ere, eskua altxatuz, "utzi arren" erran nahiko bailuen. Eta hor dago, etxean entzerratua, tigrea bere kaiolan bezala, ateratzeko eskubidea murritz. Bistan dena, baimena baluke erosketak egiteko, farmaziara joateko eta oinetako inurriak inarrostera jalgitzeko, baina bere baitan sentitzen du, ez duela. Orenak ematen ditu telebistari begira: deus interesgarririk ez da, salbu asteburuetako ETB Kantxaren bideoteka, berri latzak parte guztietatik eta izuaren ahur zabala denen buru gainetan. Hiru miliar jende dira dagoeneko aterpean. Sinets ezina, mundua herri txiki bat dela kontsideratzen duen jendarte hiper-mugikor honentzat.
Erdi aroan izan bagina, erran du ogi kasko idorra ahoratuz, pandemia honek jainkoen gaztigua irudiko zuen, belaunaldiz belaunaldi urguiluz bekatu egin zutelako, madarikatze mardoa, merezitua, Egiptoko hamabi zaurien pare. Otoitzera plegatuko ziren herrialde osoak, izurrite epidemia ezberdinen garaietan nola. Baina gaur egun, ez da federik, eta federik baldin bada, federik muturrekoena da agerian. Halaber, ez da bekaturik, erantsi du berekiko, zergatik gaztigatuko gaituzte? Eta nor dira gaztiga gaitzaketen horiek? Covid-19 birusa da, ez hiru dimentsiotako itxura numerikoetan marraztu deabrua, deabruarekin ez du ezer ikustekorik. Hargatik, etxean, geldirik egotera behartzen nau. Bakarrizketa antzuan badabil, ez daki zergatik.
Gobernuaren erabaki batetik bestera bizi-eremua hertsitzen doakio. Etxekotzearen lehen astean hiru zubien itzulia egiten zuen egun oroz, baina orain, bi zubiena baizik ez, birritan. Laster, hamar metro baino ez zaizkio zilegituko. Karrikak soldaduz eta poliziaz hantuko dira, urrats debaldeak debekatuak direla ongi konpreniarazteko.
Bere baitara bildurik, barne-bidaia geldo baterako prestatzen ari da.
Bizkar-zakurik eta pasaporterik gabe.
Itxaro Borda