Kluba 9, 10 eta 11 urteko gazteei zuzenduta dago. Helburuak sormena, autokontrola, autoestimua, enpatia eta gaitasun sozialak bizkortzea eta sendotzea dira.
Saioetan, parte-hartzaileek tablet bana izango dute euren eskura, ekintza desberdinak burutu ahal izateko. Askotariko ipuinak eta esperientziak izango dira bidaide. Modu zabalean landuko da irakurketa (testuala eta ikus-entzunezkoa), istorioek gugan izan dezaketen magia eraberritzeko eta suspertzeko.
Fernando Morillo idazleak gidatuta
Ostiral hauetan: martxoak 13 eta 27, apirilak 3 eta 24, maiatzak 8 eta 22.
Dohainik. Plaza mugatuak. Izena eman behar da e-mail bidez: haurliburutegia@donostia.eus (izen-abizenak, jaiotza-urtea, telefonoa).
Apirilaren 24ko saioa entzungai: New Yorkeko underground gaua. Gonbidatuak: Iban del Campo, Joan Sala (Filmin plataformakoa) eta Tobacco Days liburu-dendako Ines Garcia Azpiazu. Egunero bezala, Beñat Hach Embarek eta Anartz Bilbao kolaboratzaileek ere beren tartea izan dute irratsaioan.
DK Irratiko Ispilu beltza saioa Donostiako paisaia, aktore eta gertakizun kulturalak islatzeko jaio da.
Astelehenetik ostiralera bi orduko saioa aurkezten du egunero Oier Aranzabal esatariak.
Irratia zuzenean entzuteko bi aukera daude:
1.- DK Irratiaren webgunean
2.- Frekuentzia Modulatuko (FM) 107.4 frekuentzian.
Horretaz gain, badago «Ispilu beltza» zuk nahi duzun unean entzuteko aukera ere bai.
Gogoratu DK Irratiak eguneko 24 ordutan emititzen duela. Kontsultatu programazio osoa eta podcasten saila.
Haurrentzako ipuin kontaketa, Saioa Aizpuruak eskainia. Puntutxoaren istorioa ipuina entzun eta ikusi ahal izango da gure Youtubeko kanaleko zerrenda honetan.
Bideoa apirilaren 24an 16:00etatik aurrera ikusgai egongo da.
Martxoaren 30ean hasi ziren Ipuinaren Orduaren saio birtualak, Lur Korta eta bere taldearen eskutik. Saioa egunero izango da, 16:00etan, familia osoari zuzendutako ipuin batekin. Saio hauek euskaraz izango dira, igandeetan izan ezik (horiek gaztelaniaz izango baitira) eta larunbateko saioa zeinu hizkuntzan eta euskaraz izango da. Honako narratzaile hauen saioez gozatzeko aukera izango da: Lur Usabiaga, Izaskun Mujika, Saioa Aizpurua, Kattalin Ansorena, Amaia Puin, Iraitz Lizarraga eta Lur Korta.
Ane Pikaza (Bilbo, 1984). Arte Ederrak eta Antzerkia EHUn ikasi ondoren, Arte Dramatikoan diploma lortu zuen. Artista polifazetikoa denez, antzerki eta zinearen antzezpena garatzen du eta, aldi berean, bere ilustraziozko lanak. Antzerki-lanetan aritu da Kabia konpainiarekin, ikerkuntzarako espazio gisa sortua; lan hauetan, adibidez: Euria esan eta euria erortzea eta Gau arabiarra. Ilustrazio alorrean, lan egin du azal eta kartelen diseinuak egiten. Horretaz gainera, bere ilustrazioak eta irudien animazioak aurkezten ditu.
Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da astelehenetik ostiralera, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Irudi hauen bilduma osoa HEMEN ikusi ahalko da bilduta Donostia Kulturako webgunean argitaratu ahala.
KAIOLAN
"Nire gorputza kaiolan, nire burua Urederrako basoan".
Aleix prest da igerilekuan sartzeko. Inoiz egin gabeko marka egitera deitu dute, eta gehiegi pentsatzeko astirik gabe, ertzean eseri da hankak urpean dituela. Zenbat denbora izango da urpean irauteko kapaz? Nola eramango ditu eternalak egingo zaizkion minutu luze horiek?
Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da astelehenetik ostiralera, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Zenbait idazle ezagunek, hala nola Juan Kruz Igerabide, Luisa Etxenike, Mila Beldarrain, Julia Otxoa, Jabier Etxaniz, Aritz Gorrotxategi, Oier Guillan eta Ana Malagonek, agindu digute DKEtxean Kuadernoa programaren lehen egunotan parte hartuko dutela.
APNEA
Aleix-ek burua ur azpian murgiltzen duenean, lehena da arnas luze eta sakona egitearen betekada sentipena. Arnas-juxtu ibiltzera ohituta, birikak lehertu beharrean puztea harako hark zioena bezalakoa da, alegia, ilunpean urte luzez bizi izan denak kanporakoan argiak sortzen dion itsumena. Sartu da, bada, Aleix, kasik puntu heroiko batez, eta hasierako itolarri paradoxikoa igaro duelarik, bigarren minututik aurrera, halako barealdi bat hasi da sentitzen; tira, ez gaudek hain gaizki, luzerako izango duk eta pazientzia, hau hasi besterik ez duk egin, motel. Baretu zaio hauspoa pixka bat, hurrengo minutuak dira, ziur aski, arnasaldiko gozoenak: 5, 6, 7, 8... Akordatu da senideekin, aspaldian ikusi gabeko lagunekin, akordatu da egiteke dituen eginbehar ugariekin; izan ere, patxada da sentitzen duena minutu horietan, ur kloratuaren fereka eta bronkioen euste lasaigarria. Burua ordenatu du, piezak kokatu ditu, nola-hala, atzera. Baina hamabigarren minutuan eztanda egin behar duen burbuila suerte bat sentitu du ezker birikan, puzker moduko bat albeolo batean. Berehala jabetu da, horratx datorrenaren lehen seinalea; orain hasiko haiz hasi berriz ere ezinean, ez betetasunagatik, ezpada ezarian husten ari haizelako. Lehen ur-begia ikusi du bere aho ondotik gora. Hamaseigarren minuturako jada zalantzan da airea gehiago atxikitzeko kapaza izango den ala ez, baina luze gabe esan dio bere buruari, Aleix ez ezak hain azkar amore eman, ondo dakik, dena zagok buruan, buruak eusten duena hire meneko egongo duk, buruarenak dituk, azken batean, muga fisiko oro. Uraren kanpoaldetik entzun du, badakik Aleix, hogeigarren minuturaino eutsi behar diok, ezin duk ordura arte atera. Jakinaren gainean egongo ez balitz bezala!
Hogeigarren minuturainokoak uste baino samurragoak egin zaizkio, harrigarriki, lehenengo minutuak zakarrak egin zaizkion gisa alderantzikatu berean. Kordea galdu beharrean ia, lo-suman, ailegatu da hemeretzigarrena eta hogeigarrenera, nahiz eta ordurako badakien hogeita batgarrena ere etorri beharko dela, eta hogeita bigarrena, eta abar; ez diote kanpotik agindu behar izan ere.