Martxoaren 31ko oharra: ikuskizun hau bertan behera geratu da. Sarreren diru itzulketa eta beste hainbat xehetasun.
Umorezko esketxak eta antzerkia uztartzen dituen emanaldia da Barrexerka. Donostiako aretoak gaztez bete dituzte haien aurreko emanaldi guztiekin. Izan duen harrera ikusita, Donostiatik irten dira eta herriz herri aritu dira. Baina hirira itzultzeko ordua heldu da, oraingoan emanaldi berri batekin!
Esketx eta antzerki berriekin bueltan da umoregile talde gazte hau gonbidatu berri batekin: Olatz Salvador. Egunerokotasunetik ateratako gai eta ohitura klasikoak ardatz umore absurdoaz gozatzeko aukera paregabea, eta euskaraz. Gazteengandik gazteentzako! Inork ez ditu beraiek baino hobeto ulertuko, ezta?
Otsailaren 13eko oharra, 10:30ean: hasiera batean, Amelia Barquinen hitzaldi hau otsailaren 27an egitekoa zen, baina apirilaren 30era atzeratu da.
Aniztasunaren aroan gaude, eta horren kudeaketa erronka ederra da gizartean eta eskolan. Generoarekin lotutako alderdiek, besteak beste, eztabaida sortzen dute maiz. Hezkuntza arloan fokatuta, elkarbizitzari, zailtasunei, aukerei... helduko diegu hitzaldian.
Amelia Barquin: Filologia Hispanikoan doktorea eta Kulturarteko Hezkuntzako irakaslea Mondragón Unibertsitateko Hezkuntza Zientzien Fakultatean.
Apirilaren 30ko saioa entzungai: Jazzaren Nazioarteko Egunari eskainitako programa. Gonbidatuak: Iñaki Salvador, Ainara Ortega eta Miguel Martín (Donostia Kulturako Musika programazio burua eta Heineken Jazzaldiako zuzendaria). Egunero bezala, Beñat Hach Embarek eta Anartz Bilbao kolaboratzaileek ere beren tartea izan dute irratsaioan.
DK Irratiko Ispilu beltza saioa Donostiako paisaia, aktore eta gertakizun kulturalak islatzeko jaio da.
Astelehenetik ostiralera bi orduko saioa aurkezten du egunero Oier Aranzabal esatariak.
Irratia zuzenean entzuteko bi aukera daude:
1.- DK Irratiaren webgunean
2.- Frekuentzia Modulatuko (FM) 107.4 frekuentzian.
Horretaz gain, badago «Ispilu beltza» zuk nahi duzun unean entzuteko aukera ere bai.
Gogoratu DK Irratiak eguneko 24 ordutan emititzen duela. Kontsultatu programazio osoa eta podcasten saila.
Haurrentzako ipuin kontaketa, Saioa Aizpuruak eskainia. Pideel eta miau Ipuina online entzun eta ikusi ahal izango da gure Youtubeko kanaleko zerrenda honetan. Jarraian Ipuinaren Orduko kontalari guztien artean kontatutako ipuina ikusi ahal izango duzue, Haurren Liburuaren Egunaren eta Liburuaren Egunaren ospakizunei amaiera emateko. Bideoa apirilaren 30ean 16:00etatik aurrera egongo da ikusgai.
Martxoaren 30ean hasi ziren Ipuinaren Orduaren saio birtualak, Lur Korta eta bere taldearen eskutik. Saioa egunero izango da, 16:00etan, familia osoari zuzendutako ipuin batekin. Saio hauek euskaraz izango dira, igandeetan izan ezik (horiek gaztelaniaz izango baitira) eta larunbateko saioa zeinu hizkuntzan eta euskaraz izango da. Honako narratzaile hauen saioez gozatzeko aukera izango da: Lur Usabiaga, Izaskun Mujika, Saioa Aizpurua, Kattalin Ansorena, Amaia Puin, Iraitz Lizarraga eta Lur Korta.
Bi parte hartzaileen biografien errepasoa izango da saioaren ardatza. Bakoitzaren alde publiko/ezagunaz gain, beren bizitzen inguruan solastea da ideia. Biografian hizkuntzekiko harremanak beren bizitzan izan duen bilakaerari arreta berezia eskainiko zaio. Anekdotak, gertaera xelebreak, bizipenak ... Elkarrizketa informal hauen bidez, hizkuntzak herritarren bizitza pertsonaletan eta eguneroko bizitzan duten isla jarri nahi dugu agerian.
Gonbidatuak: Ines Garcia (Tobacco Days liburu dendako arduraduna, Dj eta irrati esataria) eta Aitor Etxebarria ( Konpositore eta musikaria).
Gidari lanetan Leire Palacios kazetaria arituko da.
Itxialdi garai honen erraietatik idatzitako testua duzue hauxe; begirada leihotik, balkoitik, norberaren begietatik haratago eramateak dakartzan gogoetetatik tiraka sortutakoa. Bertan egilea Blade Runner filmeko aktore Rutger Hauerri zuzentzen zaio, sutan ikusten dituen ontziez itaunka.
Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da astelehenetik ostiralera, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Zenbait idazle ezagunek, hala nola Juan Kruz Igerabide, Luisa Etxenike, Mila Beldarrain, Julia Otxoa, Jabier Etxaniz, Aritz Gorrotxategi, Oier Guillan eta Ana Malagonek, agindu digute DKEtxean Kuadernoa programaren lehen egunotan parte hartuko dutela.
RUTGER
"Ikusi izan ditut gauzak gizakiok ez dituzuenak sinetsiko. Erasoko ontziak sutan Oriongo lepotik gertu. C-izpiak ikusi ditut diz-diz iluntasunean, Tannhäuserko atean. Une horiek guztiak galdu egingo dira denboran... hala nola malkoak euritan". Oi Orion, oi Zarautzen, oi haratago bezala honantzago.
Blade runner 2019an kokatzen zen. Bizitzaren ironiak, zu zeu hil zinen urte berean, Rutger. 2020a hasi eta gutxira, nork esango zigun, oraina bilakatu zaigu distopia. Azkenean ez dituzu ikusi ontziak sutan, Rutger, galdu duzu ikuskizuna. Azkenaldian norberak darama barruan paisaia euritsua, horregatik eguzkiaren beroaren bila doa balkoietara, gauak kobazulo bilakatu aitzin. Balkoiak direlako orain gure ontziak, Rutger, behinola ontzi handiagoen alboetan zintzilik zeuden txalupa txikien modukoak. Eta mezuak... oi mezuak, Rutger, jakingo bazenu. Dagoeneko ez dira kristalezko botiletan jaurtitzen. Orain laguntza eskeak airez doaz fikziozkoa dirudien ur hondora: besarkatu ezin dudan jende guztia da orain itsasoa.
Gogoan dut autografo bat eskatu nizula behin kaletik, 1994ko Donostiako Zinemaldian. The beans of Egypt, Maine filma aurkeztera etorri zinen Martha Plimptonekin batera. Inora ez doan oroitzapen bat da gure artekoa, Rutger, segur aski zuk minutura ahaztu zenuena. Gerturatu egin nintzaizun, sinadura eskatu, abizenik gabe eskaini zenidan. Lotsa ematen dit gogoratze hutsak, baina zeinen ederra den berreskuratzea bestela inork oroituko ez duena. Egun hauetan ospitaleak inork partekatu ezin dituen oroitzapenez beterik daude, Rutger, eta nik balkoitik ontziak ez, beste zerbait bat da suak hartuta ikusten dudana. Badakit ez gaudela Bosnian argirik gabeko aterpe batean, frankotiratzaileetatik babestuta, badakit ez gaudela patera bati lotuta, egunotan Miñan liburuak hain ondo gogorarazi didan moduan. Eta, hala ere, seguru nago beldurra pilatzen ari dela etxe askotako teilatupean, besteak beste krisialdi ekonomiko larria pairatu dezaketelako laster beti bezala betikoek. Baina natorren mundura. Agure bat hiltzen denean liburutegi oso bat galtzen dela entzun dut inoiz, Rutger, ez dakit nondik datorren zehazki esaldi hori. Igual da. Gaur, nik, leihotik begiratu eta gizakiok duela egun batzuk sinetsiko ez genituzkeenak ikusi ditut: milaka liburutegi suak hartuta, denboratik haratago. Eta orduan, etxeko apalategira jo eta irakurtzen hasi naiz, pasioz, hunkituz, emozionatuz orrialdez orrialde, memoriak dakarren edertasuna erdietsiz ase gabe.
Besteen oroitzapenez goseturik aitonduko naizen temorez. Besteen oroitzapenez goseturik amonduko naizen itxaropenez.
Sandra Garayoa (Donostia, 1993). Diseinu grafikoan eta ilustrazioan graduatua bartzelonako Escola Massanan. Eremu ezberdinetan egin du lan, eta azkenaldian narrazioaren arlora bideratu da, Orain, album ilustratu proiektu ezberdinetan dago lanean, laster argitaratuko direnak. Eva Toldra ilustrazio sarien kategoria orokorrean irabazlea (2017) eta Junceda sarien sortzaile berrien kategorian finalista (2018) izan da.
Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da astelehenetik ostiralera, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Irudi hauen bilduma osoa HEMEN ikusi ahalko da bilduta Donostia Kulturako webgunean argitaratu ahala.
HAZI ALA HAZI?
Denbora, nor bere burua ezagutzeko tresna.
Bidea, gora eta behera.
Entzun, ulertu
Sentitu, sortu.
Mugak gainditzeko giltza.