Maiatzaren 5eko saioa entzungai: Xabier Etxeberria eta Josu Igoa Buyan komikiaren egileak izan dira gaurko gonbidatuak. Harri Fernández kazetariak ere egin du asteko kolaborazioa. Egunero bezala, Beñat Hach Embarek eta Anartz Bilbao kolaboratzaileek ere beren tartea izan dute irratsaioan.
DK Irratiko Ispilu beltza saioa Donostiako paisaia, aktore eta gertakizun kulturalak islatzeko jaio da.
Astelehenetik ostiralera bi orduko saioa aurkezten du egunero Oier Aranzabal esatariak.
Irratia zuzenean entzuteko bi aukera daude:
1.- DK Irratiaren webgunean
2.- Frekuentzia Modulatuko (FM) 107.4 frekuentzian.
Horretaz gain, badago «Ispilu beltza» zuk nahi duzun unean entzuteko aukera ere bai.
Gogoratu DK Irratiak eguneko 24 ordutan emititzen duela. Kontsultatu programazio osoa eta podcasten saila.
Haurrentzako ipuin kontaketa, Saioa Aizpuruak eskainia. Kili txikia ipuina entzun eta ikusi ahal izango da gure Youtubeko kanaleko zerrenda honetan.
Bideoa maiatzaren 5ean 16:00etatik aurrera ikusgai egongo da.
Martxoaren 30ean hasi ziren Ipuinaren Orduaren saio birtualak, Lur Korta eta bere taldearen eskutik. Saioa egunero izango da, 16:00etan, familia osoari zuzendutako ipuin batekin. Saio hauek euskaraz izango dira, igandeetan izan ezik (horiek gaztelaniaz izango baitira) eta larunbateko saioa zeinu hizkuntzan eta euskaraz izango da. Honako narratzaile hauen saioez gozatzeko aukera izango da: Lur Usabiaga, Izaskun Mujika, Saioa Aizpurua, Kattalin Ansorena, Amaia Puin, Iraitz Lizarraga eta Lur Korta.
Bi elementu besterik ez. Umetako oroitzapenetara loturiko armairu bat, arropa zaharrez eta hamaika trastez betea, eta bestalde, pandemiaren erdian etxekoengandik bereizita bizi behar duen ahots bat. Babesa aurkitzea ezinbestekoa da.
Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da astelehenetik ostiralera, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Zenbait idazle ezagunek, hala nola Juan Kruz Igerabide, Luisa Etxenike, Mila Beldarrain, Julia Otxoa, Xabier Etxaniz Rojo, Aritz Gorrotxategi, Oier Guillan eta Ana Malagonek, agindu digute DKEtxean Kuadernoa programaren lehen egunotan parte hartuko dutela.
ARMAIRUA
Amonak azken urteetan lo egin izan zuen gelan egon da beti. Lau ate zabal, helduleku urrekarak, tailazko apaingarriak ertzetan. Arreba eta biok ume ginela elkarrekin zapoka ibiltzen ginenean, maiz bihurtzen zen gure ezkutaleku. Ondotxo genekien erraz aurkituko gintuela besteak, baina bertara beti.
Iheszuloak mundua biltzen zuen ate ilun haien atzean. Albo batean, arropa elemenia zintzilik: amonaren astrakanezko beroki ilunak, dozena bat jertse, auskalo norena izan zen gaban handi bat, hamaika soineko beltz, gris, marroi. Eta haiexen azpian, urteetako gortina hark libre uzten zigun txoko bakarrean, gure gordegia. Gainerakoan, ezin nahita ere. Apaletan, oherako arroparekin nahaste, munduko txipi-txapa guztiak bildu zituen denborak, alferrikakoak gehienak, behin han sartuta sekula gehiago ez ateratzera kondenatuak. Tiraderetan, argazkiak kartoizko kutxetan, mahai-tresna erabili gabeak, aurrezki kutxako opari erridikuluak. Usaina zuen nabarmena. Egur onduarena bai, baina sitsen bolena itsasten zitzaigun luzaroan egonez gero bertan.
Ez dakit zergatik ez dugun egundo armairua zakarretara atera, seguru asko beldur garelako, barruan dauden gauza guztiak beste inon gordetzeko tokirik ezean, iraganik gabe geratuko ote garen. Ez dut arrebarekin hitz egin, eta alde batera, hobe horrela. Orain, positiboa naizela jakin eta etxekoengandik aparte bizitzera behartua, antigoaleko besarkada batek estutu nau atea zabaldu dudanean. Sukaldean, ni gabeko mahai bueltan guztiak, eman berri diedan albisteaz ari dira. Kosmonauta sentitzen naiz; beldurra da, ilusioa, bakarzuloaren itzala irribarrean loratu zaidana.
Pandemiak denok erotuko gaituela izan da Soyuzeko ataka itxi aurretik entzun dudan azken esaldia. Urratsak gero eta gertuago, neure izenez deitu naute. Ilunpetan, belaunak tolestu, burua makurtu eta begiak bildu ditut. Hamalau egun baino ez dira izango.
Elena Odriozola (Donostia, 1967). Arte eta Dekorazio ikasketak egin ondoren, ilustratzaile gisa egindako lehen lanak testu liburuetarako izan ziren. Gaur egun, ehun liburu baino gehiago ilustratu ditu, gehienak haur eta gazte literaturan. Nazioartean proiekzio gehien duen ilustratzaileetako bat da, ez bakarrik lan horiek hizkuntza askotara itzuli direlako, baita sari entzutetsuenak jaso dituelako ere: Ilustrazio Euskadi Saria 2009 et 2013an, Espainako Ilustrazio Sari Nazionala eta Bratislavako Ilustrazioen Biurtekoko Urrezko Sagarra 2015ean. Halaber, aurten Hans Christian Andersen sarietarako hautagai izan da.
Koadernoa izeneko egitasmoaren barruan, gure idazle eta ilustratzaileek kontakizun labur argitaragabeak eskainiko dituzte, eta egoera berezi honetarako bereziki sortutako ilustrazioak. Eguneroko eskaintza izango da astelehenetik ostiralera, donostiakultura.eus-etik eta sare sozialetatik. Irudi hauen bilduma osoa HEMEN ikusi ahalko da bilduta Donostia Kulturako webgunean argitaratu ahala.
UDABERRIA