Lehendakari hautatu berria inbestidura-ekitaldirako hitzaldia prestatzen ari da; azken orduan, ordea, arazo larri bat sortuko zaio. Izan ere, ekitaldia eta hitzaldia eman beharrak aurpegian tik arraro, barregarri eta aguanta ezina eragin dio hautetsiari. Kendu ezina. Ekitaldi nagusia izorratzeko arriskua dago. Arazoa bideratzeko psikiatra bat ageriko da eta ondorioz, bien artean berriketaldi dibertigarri eta nahasgarri bat sortuko da. Zer du bakoitzak ezkutatzeko? Zein dira bakoitzaren benetako motibazioak? Atzera begiratuta, bizitzan zerk ekarri ditu dauden lekura? Eta batez ere, bata zein bestea, euren eginkizunetan bokaziodunak al dira?
Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga dira Ramon Madaularen komedia honen protagonista Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean.
Informazio gehiago: Txalo Produkzioak
Mikel Urdangarinek Izurdeen lekua lan berria, kantari zornotzarraren estudioko 15. lana, aurkeztu du. Orain bi urte zendutako ama omendu nahi duen 12 kantako sorta da, pianoarekin sortutakoak gehienak. Gertuko galerei darien argi bereziaz bustitako eskaintza. Bizitzari gorazarre bere atzaparkadak eta guzti.
Letrak Urdangarinenak berarenak dira Harkaitz Canoren eta Kirmen Uriberen ekarpen bat salbu. Oroitzapenez beteriko lana, orain arte ibili gabeko bideena. Maite ditugun pertsonen galerak sortzen duen argi bakarrak argiztatzen dituen soinu-paisaiak.
Maialen Lujanbioren soinu-instalazioa Scala proiektuaren baitan. Leku honetan bertan, eskailera nagusi honen atzealdean izandako gertakari batetik sorturikoa da pieza hau. Eskailerapean ikusitik eskaileretarako sortua.
Errealitate zati bat, kultura garaikidearen zentroaren baitan begiratua.
Errealitatea, artea eta begirada hitz eta soinu bidez birformulatuta.