Bisita gidatua Unai San Martín (Eibar, 1964) artistaren Nostos erakusketara. Erakusketa ikusgai dagoen ekainaren 19ra arte Kutxa Kultur Artegunean.
San Martínek «denboraz kanpoko atmosfera bat, barne-paisaia bat» sortuko du Artegunean, eta bertan barneratzeko gonbita egiten digu.
105 heliograbatuak 7 gai-sailetan antolatuta daude, eta horien bitartez artistak gonbita egiten digu paisaietan, hiri xehetasunetan eta objektuetan bakartzera, horien kokalekuari buruzko datu fisikoetan edo beren baitako istorioetan gelditu gabe. San Martínen irudiek edertasun soil bat daukate, baina ukaezina, eta haien bidez gure arretari heltzen dio, bidaia eginarazten digu eta norberaren ibilbide biografikoko sentimendu eta sentipenekin konektatzen gaitu halaber.
Gure garaiotan, irudien eta soinuen erritmo frenetikoak leku gutxi uzten digu inguruneari begira atsegin har dezagun; Unaik, aldiz, modua eskaintzen digu naturara itzultzeko, gure jatorrizko etxera itzultzeko –nostos, grezieraz–, adi eta hausnarkor; hautematea mantsotzeko era bat da, malenkonia-izpirik gabea.
Doako bisita. Plaza mugatuak
Beharrezkoa erreserbatzea: T- 943 251937 | aretoan bertan | hezkuntza_artegunea@kutxakulturartegunea.eus
Bertso-saio literarioak Dena ametsa den irudipena (Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria) olerki liburua aurkezteko formatu ezin hobea eskaintzen du, lanari paperean hartzen duenaz gaindiko beste dimentsio bat emateaz gain, sorburu-testutik abiatuta beste sorkuntza-lan batzuk sortzeko bidea zabaltzen baitu, non bertsoa eta literatura beste ezein espaziotan baino gehiago hurbiltzen baitira. Hibrido bat dira mota honetako bertso-saioak: bertsotara ekartzen dira, kasu honetan, poemak, eta bertsoak, tarteka, hizkuntza eta tematika poetikoetara hurbiltzen.
Bertsotarako gaiak liburutik eratorriak izango dira: gai-jartzaile lez, Oihana Aranak ekarriko ditu testu idatzitik abiatuta fikzio eta ideia berriak sortzeko bidaia-proposamenak. Haren hariekin puntuak ematen arituko dira Ane Labaka eta Miren Amuriza. Leire Vargasek, abiapuntutzat hartuko den lanaren autoreak, aldiz, poemak errezitatuko ditu. Hala, poesiaren eta bertsoaren artean joan-etorrian ibiliko dira idazle eta bertsolari lez ezagun ditugun lau artistak, bi munduei elkarrenganantz tira egiteko atea zabalduko digun ekitaldian.
Kubo Kutxa aretoak Presentziak Absentziak aurkeztuko du, aurtengo bigarren erakusketa, zeinetan aukera baitugu Javier Pérezen (1968, Bilbo) unibertso pertsonalean murgitzeko.
Javier Pérezen obren bereizgarri nagusietako bat sinkretismoa da, bai prozedurei dagokienez bai erabiltzen dituen materialei dagokienez ere: eskultura, argazkia, marrazketa, bideoa eta performancea modu independentean erabiltzen ditu, eta batera, interakzioa eta ikerketa funtsezko ezaugarri dituzten instalazioak sortzeko.
Bere ibilbidean zehar, orotariko euskarriak erabili ditu: material organikoak, hala nola hesteak, larrua, zaldi-zurda, pergaminoak, latexa eta krisalidak; hauskorrak, beira edo portzelana, adibidez; eta solidoak, brontzea eta marmola, esaterako. Denei eskatzen dizkie artistak arrisku tekniko handiko egoerak, baina aukera paregabea ematen diote erabateko askatasunez mugitzeko bere sorkuntza-prozesuan.
Bere obrarekin, giza izateari buruz egin dituen ikerketak eta gogoetak erakusten ditu Javier Pérezek, metafora ugariko eta sinbolismo handiko hizkuntza baten bidez. Haren lanek atxikita dute dialektika, eta agerian uzten dute zein ahulak izan daitezkeen itxuraz elkarri kontrajarriak diren kontzeptuen arteko mugak; adibidez, naturala eta kulturala, barnekoa eta kanpoa, bizitza eta heriotza kontzeptuen artekoak. Fluktuazio ziklikoen ideia, zirkulartasuna, denborazkotasuna eta «inpermanentzia» dira artistaren ohiko gaietako batzuk.