Euskaraz oinarrizko hiztegia ikasteko sakeleko telefonorako aplikazioa da Erraza da eta, batez ere, ostalaritzako langileei bideratuta dago; jatetxe zein tabernetan bezeroei begira lan egiten duten profesionalei. Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren elkarlanaren emaitza izan da aplikazio mugikorra.
Ostalariei euskararen irakaskuntzan lehen urratsak erraz emateko aukera berri bat eskura jartzea du helburutzat aplikazio honek.
Donostiako Udaleko Euskara zinegotzi Jon Insaustiren hitzetan, aplikazioari esker “ostalaritza establezimendu gehiagotara eta langile gehiagotara iritsi ahal izango dugu, eta ondorioz, bezeroei arreta euskaraz egingo dieten langile gehiago egongo dira”.
Ekimena Donostiako Udalak jarri zuen martxan, paperean bi hiztegi argitaratuta eta webgunea (https://www.errazada.eus) martxan jarrita.
Eusko Jaurlaritzak proiektuarekin bat egin eta elkarrekin garatu dute aurten mugikorrerako aplikazioa. Helburua da Donostian arrakastatsua izan zen esperientzia Euskal Autonomia Erkidegoko beste udalerrietara eta merkataritzaren eremu ezberdinetara zabaltzea.
Aplikazioaren erabilera
Aplikazioa Android eta IOS mugikorrentzat dago eskuragarri eta erabiltzaileak deskargatu eta erregistratu egin behar du.
Erregistro horretan, zein sektoretako hiztegia landu nahi duen galdetuko zaio: orokorra edo ostalaritzakoa (edozein momentutan alda dezake). Erabiltzaileak, sektore horretako hiztegiaren eduki berri bat jasoko du egunero eta eduki hori irakurri eta entzuteko aukera izango du.
Hiru-lau egunetan, edukiak ikusi ondoren, horien inguruko galdetegi bat izango du erabiltzaileak. Hala ere, bistaratutako edukiak edozein momentutan ikus daitezke, eta baita osatutako galdetegiak berriro egin ere.
Erraza da aplikazioak jasotzen dituen hiztegia eta eduki guztiak HABEk gainbegiratu ditu.
Aplikazioan erregistratzea, erraza eta doakoa
• Bilatu "Erraza da" Play Store-n.
• Eman izena eta aukeratu zure sektorea: Orokorra edo Ostalaritza.
• Egunero bistaratuko dituzu zure sektoreko hitzak edo esaldiak (4 gehienez) eta audioak entzun.