Albisteak

Euskararen ezagutzak 6,1 puntu egin du gora azken hamar urteetan Donostian

Biztanleen % 46,7 euskaldunak ziren 2021ean, 83.866 pertsona guztira.

Eustaten datuen arabera, Euskal AEko 2 urte eta gehiagoko biztanleen % 62,4k (1.349.808 pertsona) euskararen ezagutzaren bat zuen 2021ean. Ezagutza-mailari so eginez, 936.812 euskaldunak dirateke, euskaraz ongi ulertu eta hitz egiten dutenak, eta 412.996 ia-euskaldunak, ulermen ona edo halamoduzkoa dutenak eta zailtasunez hitz egiten dutenak.

Gainera, azterturiko azken hamarkadan, euskaldunen proportzioa 2011n % 37,2 izatetik % 43,3 izatera igaro da, hau da, ehuneko 6,1 puntu igo da, ia-euskaldunen kategoriaren kaltetan, zeina ehuneko 6,5 puntu jaitsi baita 2011rekiko. Euskaldunen ehunekoak azken bi hamarkadetan izan duen bilakaerak portzentajezko 11 puntuko hazkundea ekarri du 2001 eta 2021 artean.

Lurraldeka, 2021ean, Gipuzkoa da euskaldunen ehunekorik handiena duen lurraldea, % 57,5, eta ehuneko 4,3 puntu igo da 2011rekin alderatuta; ondoren, Bizkaia dago, euskaldunak % 37,9 izanik, zeinean ehuneko 6,7 puntu igo den; azkenik, Araba dago, % 31,0rekin eta 7,1 puntuko hazkundearekin, azken hori baita azken 10 urteetako hazkunderik nabarmenena. Gainera, ia-euskaldunak ere sar badaitez, Gipuzkoako lau pertsonatik hiruk euskaraz dakite, Bizkaiko bostetik ia hiruk eta Arabako bitik batek.

Maila geografiko xeheagoan, euskaldunen presentzia handiena duten eskualdeak honako hauek dira, hurrenkera honetan: Bilbo Handia (268.018 euskaldun), Donostialdea (161.649), Arabako Lautada (79.006), Urola Kosta (58.461) eta Durangaldea (51.263). Nolanahi den ere, eskualde horietako lauk dute biztanle gehien. Eskualde horiek, oro har, 117.133 euskaldun gehiago ekarri dituzte 2011 eta 2021 artean.

Gainera, 10 urte hauetan, Euskal AE osatzen duten ia eskualde guztietan, ezagutza-mailak gora egin du 2011z geroztik. Araban, euskaldunen proportzioa gehien hazi den eskualdeak Arabako Kantaurialdea (ehuneko 7,5 puntu gehiago), Arabako Lautada (7,3 puntu) eta Arabako Mendialdea (7,0 puntu) izan dira; Bizkaian, berriz, Enkartazioak (8,8 puntu), Bilbo Handia (ehuneko 7,6 puntu gehiago) eta Arratia-Nerbioi (4,9 puntu). Azkenez, Gipuzkoan, aldakuntza nabarmenena izan duten eskualdeak honako hauek izan dira: Donostialdea (ehuneko 5,7 puntu gehiago), Bidasoa Beherea (5,1 puntu) eta Goierri (3,9 puntu). Lurralde horretan, hazkundeak oro batezbestekoaren azpitik daude (ehuneko 6,1 puntu). Aldiz, Markina-Ondarroan bakarrik jaitsi da euskaldunen ehunekoa, baina ehuneko 0,9 puntu eskasean.

Hiru hiriburuetan egin du gora euskaldunen ehunekoak

Bilbo da 2011rekiko euskaldunen proportzioaren hazkunderik handiena izan duen hiriburua, 2011n baino ehuneko 7,66 puntu gehiago, eta 103.631 euskaldun dira orotara, guztizkoaren % 30,6. Donostian, biztanleen % 46,7 euskaldunak ziren 2021ean, 83.866 pertsona guztira eta 2011n baino ehuneko 6,1 puntu gehiago. Gasteizen, euskaldunen ehunekoaren hazkundea ehuneko 7,4 puntukoa izan da, eta 72.778 dira euskaldunak, % 29,8.

Euskal AE osatzen duten 251 udalerrietatik, 202 udalerritan ehuneko 0,1 eta 15,1 puntu artean hazi da biztanleria euskaldunaren pisua; 46tan jaitsi egin da biztanleria euskaldunaren proportzioa 2011rekiko, ehuneko 0,1 eta 8,1 puntu bitartean, eta gainerako 3 udalerrietan ez da aldaketarik gertatu euskaldunen proportzioan azken 10 urteetan.

68 udalerritan euskaldunak % 80ren gainetik dira

Gipuzkoan, 40 udalerrik % 80tik gorako euskaldunen ehunekoak dituzte; nabarmentzekoak dira Orexa (% 93,7), Errezil (% 93,1), Zerain (% 92,3) eta Abaltzisketa (% 92,1). Gainera, 88 udalerrietatik 69tan euskaldunen proportzioa igo egin da. Nabarmentzekoak dira, hurrenkera honetan, Zumarraga, Leintz Gatzaga, Donostia, Pasaia eta Errenteria, denak ehuneko 5 puntutik gorako hazkundearekin.

Araban Aramaiok soilik du gainditzen % 80ko atalasea, biztanle euskaldunen % 86,2rekin. Beste 49 udalerritan euskaldunen proportzioak gora egin du, eta 2 udalerritan behera. Hazi direnen artean, nabarmentzekoak dira Armiñon, Aiara, Erriberagoitia, Zalduondo, Zuia, Urkabustaiz eta Arraia-Maeztu, ehuneko 9 eta 15,1 puntu arteko igoerekin.

Azkenik, Bizkaian, 26 udalerrik gainditzen dute euskaldunen % 80ko zifra; nabarmentzekoak dira Ajangiz (% 92,2), Nabarniz (% 89,1) eta Ziortza-Bolibar (% 88,9). Euskaldunen kopuruak gora egin du Bizkaiko 90 udalerritan, eta behera, berriz, beste 21 udalerritan. Bakar batean ez da aldaketarik izan. Euskaldunen kopuruak gora egin duen udalerrien artean, aipatzekoak dira Etxebarri, Sopuerta, Galdames, Arakaldo eta Trapagaran, zeintzuetan ehuneko 11,6 eta 10 bitarteko hazkundeak izan baitituzte.

Adinaren araberako alde handiak dira euskararen ezagutzan

Euskaldunen proportzioak 10-14 urtekoetan % 90,5eko gehienekoa du, eta 70-74 urtekoetan eta 75 urte eta gehiagokoetan % 22,1eko gutxienekoa. Oro har, adinak gora egin ahala, euskararen ezagutzak behera egiten du. Euskaldunen kopurua % 70etik gorakoa da 30 urtetik beherako biztanleengan, eta proportzio horren azpira jaisten da pertsona adinduenen taldeetan.

Aitzitik, euskararen ezagutza-mailan generoaren araberako aldeak oso txikiak dira Euskal AEn: emakume euskaldunen % 43,4 eta gizonen % 43,2. Araban, emakume euskaldunen proportzioa (% 32,0) gizonena baino 1,9 puntu handiagoa da; Bizkaian, emakumeak gizonak baino puntu hamarren bat gehiago dira (% 38), eta Gipuzkoan, gizonen proportzioa (% 57,6) emakumeena baino pixka bat handiagoa da (% 57,4).

Iturria: Eustat.

Itzuli