Euskaraz oinarrizko hiztegia ikasteko sakeleko telefonorako aplikazioa da Erraza da eta, batez ere, ostalaritzako langileei bideratuta dago; jatetxe zein tabernetan bezeroei begira lan egiten duten profesionalei. Eusko Jaurlaritzaren eta Donostiako Udalaren elkarlanaren emaitza izan da aplikazio mugikorra.
Ostalariei euskararen irakaskuntzan lehen urratsak erraz emateko aukera berri bat eskura jartzea du helburutzat aplikazio honek.
Aplikazioa Android eta IOS mugikorrentzat dago eskuragarri eta erabiltzaileak deskargatu eta erregistratu egin behar du.
Erregistro horretan, zein sektoretako hiztegia landu nahi duen galdetuko zaio: orokorra edo ostalaritzakoa (edozein momentutan alda dezake). Erabiltzaileak, sektore horretako hiztegiaren eduki berri bat jasoko du egunero eta eduki hori irakurri eta entzuteko aukera izango du.
Hiru-lau egunetan, edukiak ikusi ondoren, horien inguruko galdetegi bat izango du erabiltzaileak. Hala ere, bistaratutako edukiak edozein momentutan ikus daitezke, eta baita osatutako galdetegiak berriro egin ere.
Erraza da aplikazioak jasotzen dituen hiztegia eta eduki guztiak HABEk gainbegiratu ditu.
Aplikazioan erregistratzea, erraza eta doakoa.
• Bilatu "Erraza da" Play Store-n.
• Eman izena eta aukeratu zure sektorea: Orokorra edo Ostalaritza.
• Egunero bistaratuko dituzu zure sektoreko hitzak edo esaldiak (4 gehienez) eta audioak entzun.
2023ko irailean jarri dute martxan Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak Erraza da sakeleko mugikorrerako aplikazioa, baina egitasmoak hasieran beste bi euskarri ere izan zituen, Donostiako Udalak hiriko Alde Zaharreko tabernarien esku jarri zituenak:
1. 200 hitzeko hiztegia. Bi hiztegi dira oinarri fisikoan (paperean, pantone formatuan) argitaratuak.
2. Webgunea : www.errazada.eus
Egunero bi-hiru hitz/eduki ikastea
Hasiera-hasieratik, Erraza da egitasmoaren helburu nagusia izan da frogatzea ez dela zaila egunean bi-hiru hitz solte edo esaldi labur euskaraz ikastea eta, ahalegin handiegirik gabe, edozeinek izan dezakeela elkarrizketa sinple bat euskaraz.
Izan ere, ostalaritzan, bezeroari euskararen erabilera errazteko asmoz, oso garrantzitsua da tabernariak euskaraz agurtzea (Kaixo!) edo euskaraz zuzentzea (Zer hartu nahi duzu?).
Eta ostalariak euskaraz elkarrizketa bat burutzeko gaitasunik ez badu ere, oinarrizkoa da bezeroak euskaraz eskatzen duena ulertzea.
Ostalariak ahalegin hori egiten badu, bezero euskaldunek eta ingurukoek eskertu egingo diote erakutsi nahi izan zaie ostalariei.